NOR da NOR

Mikel Atxaga Fernandez

Urnieta, 1932 / Donostia, 2009

EIZIEko ohorezko bazkide



Oharra: Berari buruzko biografia eta informazio zabala. (Bidegileak 59) | http://bit.ly/1qVDh7G

Mikel Atxaga apaiza, kazetaria eta itzultzailea izan zen. Saturrarango seminarioan egin zituen lehen ikasketak, eta ondoren, Filologia eta Teologia ikasi zituen Gasteizen eta Donostian. Aizarnan eta Usurbilen apaiz izan zen, baina 1970ean utzi zuen apaizgoa eta kazetaritzan jardun zuen harrez gero.

 

 Lan handia egin zuen euskal komunikabideen modernizazioan, eta euskarazko kazetaritzaren dekanotzat hartu izan da. Zeruko Argian 1970etik 1977ra bete zuen papera ezinbesteko kate-begi izan zen euskarazko kazetaritzaren historian, eta euskara komunikabide-hizkuntza funtzional bihurtzeko bidean mugarri asko jarri zituen. Bere ibilbide profesionala Deia egunkariari lotuta egon zen urte luzez. Kazetari lan horrez gain, Mikel Atxaga Bidegileak bildumako koordinatzaile eta zuzendaria izan zen zenbait urtez. Bilduma horretan, dagoeneko, euskalgintzan aitzindari izan diren berrehundik gora gizon-emakumeren bizitza eta obra ezagutzera eman dira.

 

Dena den, itzulpengintzan ere aritu zen aldi batzuetan. Margo Ederdun Entziklopediarako «Mundua guztioi erakutsia» (1968) eta Haurren Entziklopedia Orokorrerako «Ohiturak» (1976) atalak euskaratu zituen. Tintin komikia eta, elkarlanean, Euskal Herriko Atlasa dira bere beste itzulpenetako batzuk. Bere bizitzako azken urteetan Jose Antonio Pagolaren Jesús, aproximación histórica euskaratu zuen, Jesus, hurbilketa historikoa (Idatz, 2009) izenburupean. Tamalez, ez zen iritsi bereziki kutuna zuen itzulpen hori argitaratuta ikustera.

 

Itzulpen Antologia III bilduman Atxagaren lan bat dago irakurgai, Munduan Zehar bildumako Izurde urdinen uhartea atala, hain zuzen. Atxagak berak aukeratu zuen, 1970ko itzulpen-joeraren isla delako.

 

1998an, Andoaingo Udalak Rikardo Arregi kazetaritza-saria eman zion eta 2009an Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen. Egindako lana eta euskal kulturari egindako ekarpena eskertzeko, 2009an omenaldia egin zioten Donostiako Miramar jauregian.

 

Gehiago jakiteko:

- Bidegileak bilduma: http://bit.ly/VY3Cp1

- Auñamendi Eusko Entziklopedia: http://bit.ly/TSS4kI

- EIZIEko albistegia: http://bit.ly/1xSB1i4

- Eibar.org: http://bit.ly/VY4f1M

 

2014-08-25


liburuak
 

Itzulpen antologia III  Aragon, Louis ; Blanc, Michel ; Brel, Jacques ; Bughetti, Benvenuto ; Carama, Helder ; Desplat, Christian ; Hamers, Josiane F. ; Mancho, Martin ; Mendiague, Jose ; Memmi, Albert ; Moustaki, Georges ; O’Dell, Scott ; Prévert, Jacques ; Sastre, Alfonso ; s.n. ; Sylvestre, Anne ; Tuzidides (1996) [ - eu]

jatorrizkoaren titulua: s.n.
testu mota: Literatura
jatorrizkoaren argitaratze urtea: s.d.
argitaletxea: EIZIE
bilduma: s.n.
argitaratze lekua: Donostia
jatorrizkoaren herria: s.l.
beste itzultzailea(k): Joxe Agirre "Joxe Alkiza", Juan Mari Lekuona, Txomin Peillen, Dionisio Amundarain, Xalbador Garmendia, Andoni Lekuona, Txillardegi, Lukas Dorronsoro, Patxi Altuna, Jose Luis Zurutuza, Jose Maria Satrustegi, Hiazinto Fernandorena

        testua on-line

bestelakoak

Izurde urdinen uhartea  O’Dell, Scott (2002) [en - eu]

testu mota: Narratiba
non argitaratua: Itzulpen Antologia III - EIZIE

        testua on-line

 
« atzera egin

PDF bihurtu