Idazlea, politikaria, hizkuntzalaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan zen, euskararen alor guztiak jorratu zituen, eta hainbat euskal aldizkaritan idatzi zuen. Idazle oparo eta nobelagile eta hizkuntzalari garrantzitsua, Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Peru Leartzako (1960), Elsa Scheelen (1969), Haizeaz bestaldetik (1979) idatzi zituen, besteak beste. Bere lehen eleberria ingelesera itzulita eta argitaratuta dago, eta beste zenbait liburu gazteleraz ere argitaratu dira. Saiakera ere asko landu zuen, nagusiki artikulugintzaren bidez. EIZIEren Itzulpen Antologia III liburuan Albert Memmiren Kolonizatuaren ezagugarria liburuko bigarren zatiko lehen atala irakur daiteke.
1954 inguruan, bere jaiotetxetik hurbil dagoen leku baten izena hartu eta Txillardegi ezizena erabiltzen hasi zen. Ordutik izen horrekin ezagutu izan da. Gurasoek euskaraz jakin arren, etxean ez zuen euskararik jaso, eta, beraz, 1948an euskara gogotsu ikasteari ekin zion bere kabuz. Ekin ikasle iraultzaile taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta geroago Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundearen sortzailetako bat, 1959an. 1961ean erbestera jo zuen, poliziarengandik ihesi.
Literatur arloko jardunari dagokionez, Txillardegik euskal narratiba berritzeko egindako ekarpena ezinbestekoa izan zen. Bere lehenengo eleberriek haustura eragin zuten ordura arte nagusi zen narratiba tradizionalean. Ferrolen soldadu zegoela idatzi zuen bere lehen eleberria, Leturiaren egunkari ezkutua (1956). Denbora libre asko zuenez, Knut Hamsun norvegiar idazlearen Pan eleberria euskaratzeko asmoa zuen, baina Koldo Mitxelenak animatu zuen inoren lana itzuli ordez berak zerbait sortzera.
Hizkuntzalaritzan euskara batua sortzearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen, baita euskal azentuari buruzko aditu handienetako bat ere.
Gehiago jakiteko:
- Txillardegiri buruzko webgunea (Jakin)
- Auñamendi Euskal Entziklopedia
- Berria egunkaria (Gehigarri berezia)
- Txillardegiren omenez (SENEZ)
2017-10-13
liburuak |