Fraide beneditar hau Iratzeder izenez zen ezaguna, eta literatur genero guztiak landu zituen: poesia, prosa eta baita antzerkia ere. Herria eta Gure Herria aldizkarietan parte hartu zuen. Haren itzulpen-lanik aipagarriena Itun Zaharreko Salmoak (1963) liburua da, eta EIZIEren Itzulpen Antologia I liburukian irakur daiteke lagin bat.
Hamaika urterekin elizgizon izan nahi zuela erabaki, eta euskara hobetzeko ahaleginean hasi zen etxean aurkitutako Jean Barbier-en Piarres eleberria hartuta. Sorterritik Uztaritzeko apaizgaitegira abiatu zen erlijio-ikasketak hastera, eta bertan Piarres Laffitte ezagutu zuen, ordutik aurrera bide-lagun izango zuena. Uztaritzetik Baionako seminariora joan zen, eta handik laster jo zuen Belokera. 1945ean apaiztu zen.
Beloken, poesia idazten jarraitzeaz gain, euskaraz ikasteko materiala, Methode Basque puor debutants argitaratu zuen. Aldi berean, latinezko bezperak euskaratu zituen eta sekulako arrakasta izan omen zuten Mugerreko estreinaldian. Latinetik euskaratuak, abesteko egokitu zituen, neurri ezberdinak eta errima erabiliaz.
1963an Ezkila argitaletxea sortu zuen, eta urte hartan bertan euskaltzain oso izendatu zuten, Laffitteren proposamenari jarraiki. Era berean, sasoi hartan Belokeko Gabriel Lertxundik fraideak David erregearen salmoak musikatu nahi zituela-eta, Iratzederrek hartu zuen bere kargu itzulpen-lana, ordutik aurrera goraipatu besterik egin ez dena. Gero Aita Baztarrikak jarri zituen gipuzkeraz eta aita Lino Akesolok bizkaieraz.
1987an Afrikara joan zen misiolari, baina hamazazpi hilabeteren buruan itzuli behar izan zuen osasun-arazoak zirela eta. Esperientzia hartan oinarrituta, Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean (1991) lana idatzi zuen.
1991n EIZIEko ohorezko kide izendatu zuten, eta 1994an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak.
Erlijio- eta antzerki-lanak ere egin zituen arren, Iratzederren literatur ekarpen nagusia poesiari dagokio; izan ere, gazterik idazten hasi zenetik ia zahartzarora arte idatzi zuen, etengabe. Ibilbide luzea izan bazuen ere, heterogeneotasuna baino, homogeneotasuna da ibilbide horren ezaugarri. Kortazarren hitzei jarraiki, egilearen produkzio luzearen baitan nabarmentzekoak dira Pindar eta lanho (1938 eta 1941 arteko poemak biltzen dituena, 1947an argitaratua), Argiz-argi (1947 eta 1957 arteko poemak biltzen dituena, 1969an argitaratua) eta Uhaineri nausi (1972). 1983an, bestalde, Biziaren olerkia kaleratu zuen Mensajero argitaletxeak; hots, Iratzederren ibilbide poetiko gehiena biltzen duen ale mardula.
Kantagintzak funtsezko garrantzia eduki zuen Iratzederrengan, eta musikaltasuna da, zalantzarik gabe, bere testuetako ezaugarri nagusia. Gerra aurrean Hego Euskal Herrian nagusi zen poeten hizkera garbizalearen aurrean, Iratzederrek oinarritzat Ipar Euskal Herriko hiztun arrunten hizkera hartu eta lantzearen alde egin zuen, gardentasunaren alde eta garbizalekeriaren kontra. Hori ez da, alabaina, Hego Euskal Herriko poeten moldeetatik bereizi zuen ezaugarri bakarra. Kortazarrek bezala, Iratzederrek literatur eredu frantsesengandik edan zuen, eta Claudel bezalako egileen eragina aurki daiteke bere lanetan.
Gehiago jakiteko:
2014-08-06
liburuak |
Itzulpen antologia I Biblia ; Casona, Alejandro ; Cervantes Saavedra, Miguel de ; Joan Gurutzekoa ; Diputación Foral del Señorío de Vizcaya ; Fagoaga, Isidoro ; Tagore, Rabindranath (1996) [ - eu]
testu mota: Literatura
argitaletxea: EIZIE argitaratze lekua: Donostia beste itzultzailea(k): Jon Etxaide, Pedro Berrondo, Jaime Kerexeta, Lino Akesolo, Santiago Onaindia, Eusebio Erkiaga, Maria Dolores Agirre bestelako testuak
Salmoak Biblia (1996) [la - eu] 129. salmoa s. n. (1992) [la - eu] |