Frantziskotarra, erlijio liburu askoren egilea, euskara batuaren bultzatzaileetako bat, euskaltzainburu izandakoa eta euskal filologia eta literatur alorreko hainbat lan garrantzitsuren egilea izan zen. Bere itzulpen handi batengatik izango da ezaguna beti euskarazko itzulpenaren esparruan: izan ere, berari zor diogu Axularren Gero liburuaren edizio berria, 1976koa, alboan berak eginiko gaztelaniazko itzulpenarekin. EIZIEko ohorezko kideen laginekin osatutako Itzulpen Antologia II liburuan bere itzulpen argitaragabe bat jasotzeko aukera eskaini nahi izan zitzaion, eta, horrela, berak idatzitako Jesucristo, los fundamentos de la fe cristiana II izeneko liburuko VIII. kapitulua itzuli zuen propio antologiarako (Jesukristo. Kristau Fedearen Sustraiak II).
Gernikan oinarrizko ikasketak egin ondoren, 1931n Arantzazura bidali zuen aitak ikasketa sakonagoak burutzera. Orduan, Luis Villasanteren bizitzan aro berri bat hasi zen: Arantzazurekin betiko lotu zuen lehen katebegia. Hiru urte egin zituen Arantzazun, eta ikasketak amaitzeko falta zitzaizkion bi urteak Foruko ikastetxean egin zituen. 1936an etxera bueltatu, eta Zarautzen nobiziadoa egiteko asmoa bazuen ere, eta gerra gori-gorian zegoenez, anaiak Gernikako gaileta fabrikan zuen lanpostua hartu zuen. Urtebete geroago joan zen Zarautzera, eta ondoren soldadutza egitera Burgosera.
1939an, gerra amaituta, Arantzazura itzuli zen, eta handik Oliteko komentura bidali zuten ikasketekin jarraitzera; hantxe piztu eta sendotu zitzaion euskararako gogoa. Azkenik, Comillasera bidali zuten, eskolak emateko trebatzera. 1947ko ikasturtean hasi zen Villasante Arantzazuko teologiako irakasle lanetan, eta horretan jardun zuen 1978 arte. Teologia irakasteaz gain, euskara irakasten ere ibili zen hainbat urtetan. Horrek ondorio zuzena izan zuen Villasanteren langintzan eta euskarari buruzko gogoetetan. Beste urrats bat ere egin behar zela garbi zeukan: euskaraz landa, ikasketa arrunteko beste gairen bat ere euskaraz ikasi behar zuten ikasleek.
1970ean euskaltzainburu izendatu zuten eta 1988ra arte egon zen kargu horretan. 18 urte horietan euskararen batasunaren sustatzaile nagusiena izan zen Koldo Mitxelenarekin batera. Eta euskararen alde egindako lanaren ondorioz hainbat titulu erdietsi zituen.
Itzulpenen arloan, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara itzultzen zuen, baita euskalki batetik beste batera ere. Hainbat itzulpen zor zaizkio, esate baterako, aurrez aipatutako Axularren Gero (Bartzelona, 1964; Oñati, 1976). Baita Zenbait edizio kritiko ere, esate baterako, Juan Antonio Mogueli buruzkoa (Bilbo, 1987), Sorazi buruzko Autobiografía espiritual (Madrid, 1990), eta noski, hainbat eta hainbat egokitzapen euskalki ezberdinetara.
Loturak
2014-08-07
liburuak |
Itzulpen antologia II Eyt, Pierre ; Ghelderode, Michel de ; Miller, Alice Duer ; Monreal, Gregorio ; Poe, Edgar Allan ; s.n. ; Villasante, Luis (1998) [ > eu]
testu mota: Literatura
argitaletxea: EIZIE argitaratze lekua: Donostia beste itzultzailea(k): Augustin Zubikarai, , Maritxu Urreta, Piarres Xarriton, Oskillaso, Juan San Martin bestelako testuak
Jesukristo : Kristau Fedearen Sustraiak II Villasante, Luis (1998) [es > eu] Gero = (Después) Axular, Pedro (1964) [eu > es]
jatorrizkoaren titulua: Gero
testu mota: Filosofia eta erlijioak jatorrizkoaren argitaratze urtea: 1643 argitaletxea: Juan Flors argitaratze lekua: Bartzelona jatorrizkoaren herrialdea: Euskal Herria |