honi buruz saioa hasi

 

Maritxu Urreta Zulaika

Donostia, 1915 / Donostia, 2018

EIZIEko ohorezko bazkide



 

Gipuzkoar idazle eta itzultzaile honek Zeruko Argia aldizkarian argitaratu zituen artikulurik aipagarrienak, eta itzulpenei dagokienez, Jose Luis Muñoyerroren obren itzulpenak dira aipagarrienak. Bestalde, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko aldizkarian hainbat itzulpen egin zituen.

EIZIEren Itzulpen Antologia II libururako Maritxu Urretak propio ekarri zuen ingelesetik euskarara, 82 urte zituela, Alice Duer Miller estatubatuarraren poema luze bat: The White Cliffs, berak Itsas-malda zuriak bilakatu zuena. Bere hitzetan, «Jorge VI. Ingalaterrako erregeari gehien gustatzen zitzaion poema» zen hura.

Ikastea oso atsegin zitzaion, batez ere, hizkuntzak ikastea. Umetan ekin zion frantsesa ikasteari, eta ingelesa ere ikasi zuen ikastetxean. Hamabi urte zituenerako, astero jasotzen zuen etxean La Semaine de Suzette gaztetxoentzako aldizkaria, eta haren bitartez hobetu zuen frantsesa. Ingelesa hobetze aldera, 19 urte zituela garai hartan nahiko ezohikoa zen bidaia egin zuen Maritxu Urretak, hainbat hilabetetako egonaldia burutu baitzuen, bakarrik, Ingalaterrako Folkestone hirian. Gerora, alemana eta italiera ere ikasi zituen. Besteak beste, hizkuntza horietan idatzitako liburuak jatorrizko bertsioan irakurri ahal izateko. Gerra zibilean, Gipuzkoa erori zenean, ihes egin behar izan zuen familia osoak. Lehenik Bizkaiko kostaldera eta Iparraldera gero.

Gerora, Maria Dolores Agirreren euskara-klaseetara joaten hasi zen. Euskara etxean jaso bazuen ere, landu egin nahi baitzuen. Halaxe hobetu zuen euskara, eta halaxe ikasi zuen ahozkoa paperera eramaten. Gerora miresmenez aipatzen zuen Maria Dolores Agirreri ikasitakoa Jose Luis Muñoyerro adiskidearen lan bat euskaratzeko erabili zuen 1960an: Itxaropena argitaletxeak Kuliska Sortan argitara emandako Lartaun eguzki-semea itzultzeko, alegia. Hurrengo itzulpen-lana Muñoyerrok 1967an argitaratutako En la luna también se habla vascuence izan zen, Maria Dolores Agirrerekin batera Ilargian ere euskeraz izenburupean kaleratu zuena. Josu Zabaletak liburu bitxi hura 60ko hamarkadan dezente zabaldu zen joera baten lekuko modura aipatu zuen Espainiako Estatuko Hizkuntzen Arteko Literatur Itzulpenari buruzko Jardunaldietan: euskal gaiei buruzko gaztelaniazko literatura euskarara itzultzearen aldeko joerarena, hain zuzen, hizkuntza bietako bertsioak aldi berean argitara zitezen.

1976 urtean Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko aldizkariko editorialak euskaratzen hasi zen eta, hutsik egin gabe, zintzo-zintzo, bere beste zaletasun handietako batekin zerikusi zuzena zuen lanari eutsi zion idazmakina baztertu zuen arte.

 

Loturak

 

 

 

2020-12-30

 


liburuak
 

Itzulpen antologia II  Eyt, Pierre ; Ghelderode, Michel de ; Miller, Alice Duer ; Monreal, Gregorio ; Poe, Edgar Allan ; s.n. ; Villasante, Luis (1998) [ > eu]

testu mota: Literatura
argitaletxea: EIZIE
argitaratze lekua: Donostia
beste itzultzailea(k): Augustin Zubikarai, , Luis Villasante, Piarres Xarriton, Oskillaso, Juan San Martin

        testua on-line

Ilargian ere euskeraz : (ipuia)  Muñoyerro Quesada, Jose Luis (1967) [es > eu]

jatorrizkoaren titulua: En la luna tambien se habla vascuence : (cuento)
testu mota: Narratiba
jatorrizkoaren argitaratze urtea: 1967
argitaletxea: Izarra
argitaratze lekua: Donostia
beste itzultzailea(k): Maria Dolores Agirre

Lartaun eguzki-semea  Muñoyerro Quesada, Jose Luis (1960) [es > eu]

testu mota: Narratiba
argitaletxea: Itxaropena
bilduma: Kuliska
argitaratze lekua: Zarautz
bestelako testuak

Itsas-malda zuriak  Miller, Alice Duer (1998) [en > eu]

testu mota: Poesia
non argitaratua: Itzulpen Antologia II - EIZIE -

        testua on-line

 
« atzera egin

PDF bihurtu