Euskaltzain urgazlea zen eta gehienbat Euskera eta Egan aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak, besteak beste, eleberriak, ipuinak, itzulpenak eta euskararen inguruko testuak. Itzulpenei dagokienez, Mark Twain-en Erregegaia eta eskekoa, Charles Dickensen David Copperfield eta Edgar Allan Poeren Upel bethe amontillado dira ezagunenak. EIZIEren Itzulpen Antologia II bilduman Upel bethe amontilladoren lagina irakur daiteke.
Umetan, Gernikan bizi izan zen, baina hango eguraldi umelak ez zion onik egiten, eta 17 urte zituela Valladolidera joan zen familia osoarekin klima lehorrago baten bila. Han Zientzia fisiko-matematikoetako goi-ikasketak egiten hasi zen, eta Madrilen lizentziatu zen beranduago. Madrilgo unibertsitate-denbora horretan Euzko Ikasle Batzako lehendakari hautatu zuten, Madrilen bizi ziren unibertsitarioen elkarteko buru, alegia. Gerora, Iruñean aritu zen irakasle.
Gaztelania txikitatik eta gaitasun handiz menderatzen zuen, baita euskara ere. Frantsesa eta ingelesa ere ondo zekizkien, eta, hain ezaguna ez den datua, baita katalana ere. Horrez gain, bazekien zerbait alemanez eta italieraz.
Euskaraz hiru esparru landu zituen literaturgintzan: eleberria, narrazio laburra eta itzulpen literarioa. Oskillasok askoz gehiago estimatzen zuen literatura unibertsala bere garaiko euskal literatura baino, eta gaztelaniaz, frantsesez edo italieraz sortzen zenaren gainetik, literatura angloamerikarra maite zuen gehien. Gainera, euskararen susperkunderako gora handikotzat zeukan kanpo-literatura euskaraz ematea eta garrantzi handia ematen zion itzulpenen kalitateari. Zorrotz kritikatu zituen euskarara egiten zituen literatur itzulpenak; zehaztasuna falta zuten batetik, eta berezkotasuna eta adierazkortasuna bestetik; pobreegiak ziren bere ustez. Eredu bat urratu nahirik, saio praktiko batzuk ere egin zituen. Ingelesetik egin zituen, zuzenean itzulita, euskaratze guztiak. Edgar Allan Poeren The Cask of Amontillado izan zen lehena, eta Herman Melville-ren Moby Dicken hiru kapitulu eskaini zizkigun geroago El libro negro del euskara saioaren barruan (112-123). Beranduago, bizkaieraz argitaratu zituen beste bi lan, lehenago bere «euskara osotu» ereduan erredaktatu zituenak: bata Mark Twainen ipuin ezagun bat, Erregegaia eta eskekoa, eta, bestea, Dickensen David Copperfielden bertsio laburtu bat.
EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen 1991ean, eta bere bizitzako azken urteetan zenbait omenaldi jaso zituen. Batetik, EIZIErena, 1996an, eta, bestetik Udako Euskal Unibertsitatearena.
Eleberriei dagokienez, ez zen oso idazle oparoa izan. Bai bere lehen eleberria
–Kurloiak (1962, Itxaropena)– bai bere beste lan gehienak ere, tesi literatutzat jo daitezke, hau da, berak proposatzen zuen euskara baturako ereduaren emaitza praktikotzat. Baina eleberrigile gisa nabarmendu ez bazen ere, ezin da gauza bera esan 60ko hamarkadan Eganen plazaratu zituen narrazioez eta, batez ere, itzulpenez. Oskillasoren ipuin ezagunen artean “Mikel eta erdeldunek” (1962), “Nylonezko euritakoa” (1964), “Zerura joan eta atzera etorri” (1964), “Jostailuak, semeak eta gurasoak” (1965) eta “Hizkuntzalari handi bat” (1965) aipa ditzakegu.
Loturak
liburuak |
Itzulpen antologia II Eyt, Pierre ; Ghelderode, Michel de ; Miller, Alice Duer ; Monreal, Gregorio ; Poe, Edgar Allan ; s.n. ; Villasante, Luis (1998) [ - eu]
testu mota: Literatura
argitaletxea: EIZIE argitaratze lekua: Donostia beste itzultzailea(k): Augustin Zubikarai, , Maritxu Urreta, Luis Villasante, Piarres Xarriton, Juan San Martin bestelako testuak
Upel bethe amontillado Poe, Edgar Allan (1998) [en - eu] Upel bethe amontillado Poe, Edgar Allan (1963) [en - eu] David Copperfield : (laburtua) Dickens, Charles (1986) [en - eu]
jatorrizkoaren titulua: David Copperfield
testu mota: Haur eta gazte literatura jatorrizkoaren argitaratze urtea: 1850 argitaletxea: Ibaizabal argitaratze lekua: Euba jatorrizkoaren herrialdea: Ingalaterra Erregegaia ta eskekoa : (laburtua) Twain, Mark (1986) [en - eu]
jatorrizkoaren titulua: The Prince and the Pauper
testu mota: Haur eta gazte literatura jatorrizkoaren argitaratze urtea: 1881 argitaletxea: Ibaizabal argitaratze lekua: Euba jatorrizkoaren herrialdea: AEB |