honi buruz saioa hasi

 

Jean Haritschelhar

Baigorri, 1923 / Biarritz, 2013

EIZIEko ohorezko bazkide



 

Baionako Euskal Erakustokiko zuzendari eta Bordeleko Unibertsitatean gaztelania, euskara eta euskal literatura irakasle izan zen, baita Euskaltzainburu ere. Hainbat lan idatzi zituen euskal literatura klasiko eta tradizionalari buruz, eta itzulpenak ere egin zituen. Horietako bat, Ahaide delezius huntan, EIZIEren Itzulpen Antologia II liburuan jasoa dago, euskarazko jatorrizkoa eta frantseserako itzulpenarekin. Haritschelharrk antologiarako aukeratutako Etxahunen bertsoen frantsesezko bertsioa, berez, bere doktore-tesia izan zen, Bordeleko Unibertsitatean aurkeztu zuena 1969an, eta geroago Euskera aldizkarian argitara eman zena. Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution à l’étude de la poésie populaire basque du XIXe siècle izenburupean aurkeztu zuen, eta euskal literaturaren inguruko ikerlanen artean eredurik garrantzitsuenetakoa da.

 

Oso agerikoak izan ez arren, Jean Haritschelharrek itzulpen gehiago ere egin zituen, bai Euskaltzaindian bai akademiatik kanpora ere. Bere belaunaldikide askoren antzera, hainbat agiri eta barne-testu euskaratu behar izan zituen premiak eraginik; Baigorriko alkatea zenean, esaterako, ezkontza-formulak euskaratzen zituen, bertakoak euskaraz ezkondu ahal izateko, nahiz eta gero ezkontza-agiriak nahitaez frantsesez jaso behar. Halakoetan Jean Haritschelharrek beti erabili zuen mendez mende moldatu den eta Iparraldeko euskararen eremuan sustraiturik dagoen euskarazko diskurtso berezia, jatorrizko testua nahiz xede-testua ezin egokiago estekatuz. Labur esateko, euskara-frantsesa/frantsesa-euskara (gaztelania ere alboratzeke) itzultzaile duina zen, Iparraldeko tradizio diskurtsiboa erro-errotik erabiltzen zuena eta horren bidez itzulpengintzaren berebiziko jomuga lortu zuena: pertsonen, hizkuntzen eta kulturen arteko arartekotasuna bermatzea.

 

Haritschelharrek jasotako omenaldiak eta esker onak ugariak eta sentituak izan dira. 1988an EHUk Honoris Causa Doktore izendatu zuen, Euskal Eskola Publikoan eta unibertsitatean Euskararen eta Euskal Literaturaren alde eginiko lan apartagatik. Urte berean, Bordeleko Unibertsitatean ere Honoris Causa Doktore izendatu zuten. EIZIEk ohorezko kide egin zuen 1996an eta 2004an Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman zion. Azkenik, 2010ean UNEDek (Urruneko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak) Honoris Causa Doktore izendatu zuen.

 

Loturak

 

 

 

 

2020-12-30


liburuak
 
bestelako testuak

LA MAISON DE MON PÈRE  Gabriel Aresti (2004) [eu > fr]

testu mota: Poesia
non argitaratua: basquepoetry.eus -

        testua on-line

LA CHANSON DES METIERS  Etxahun (2004) [eu > fr]

testu mota: Poesia
non argitaratua: basquepoetry.eus -

        testua on-line

L'HÉRITIÈRE DE GAZTELONDO  Etxahun (2004) [eu > fr]

testu mota: Poesia
non argitaratua: basquepoetry.eus -

        testua on-line

LES MALHEUREUX DANS LE MONDE  Etxahun (2004) [eu > fr]

testu mota: Poesia
non argitaratua: basquepoetry.eus -

        testua on-line

SUR CET AIR DÉLICIEUX  Etxahun (2004) [eu > fr]

testu mota: Poesia
non argitaratua: basquepoetry.eus -

        testua on-line

 
« atzera egin

PDF bihurtu