Euskal idazle eta itzultzailea. 1965. urtean apaiztu zen, baina 1976an utzi egin zuen apaizgoa. Arrazoi politikoak zirela eta, hiru aldiz atxilotu zuten, eta osotara zazpi urtez egon zen kartzelan. 1979az geroztik, hainbat kargu politiko izan zituen Herri Batasunaren zerrendetan. 1979. eta 1982. urteetan, Bertsolari Txapelketako txapelduna izan zen. Genero horren berritzaile handienetariko bat izan da, poesia dosi handia eta maila intelektual altua eman baitio bertsolaritzari. Irakasle eta kazetari gisa ere jardun du, batez ere artikuluak eta iritzi-zutabeak idazten, gehienbat euskaraz. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, euskara bigarren hizkuntza gisa ikasten zuten helduentzako irakurketa-liburuak egokitu zituen, literatur kalitate handikoak denak ere, nahiz eta erabilera linguistikoak egokitu beharrak muga asko ezartzen zizkion.
Urte luzez, ikus-entzunezko itzultzailea eta egokitzailea izan da hainbat bikoizketa-etxetan, eta haren jardunaren erakusgarri dira euskarara bikoiztutako hainbat animazio-serie eta film luze arrakastatsu. Itzulpen espezializatu mota horretan, nabarmentzekoa da ahozko erregistro bizietara hurbiltzeko egin duen ahalegina. Hainbat lan literario ere idatzi ditu, eta inprobisatutako bertsogintzari buruzko hainbat metodo pedagogiko. Gazte samar hasi zen itzultzaile gisa, eta haren lehenengo itzulpena Aldous Huxleyren Brave New World (Bai mundu berria) izan zen (Lur argitaletxea, 1971). Lehen itzulpen horren harira Anaitasuna aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean adierazi zuen bere helburua ez zela hizkuntzalarientzat itzultzea, baizik eta herri xehearentzat, nahiz eta irakurleen alfabetatze maila eta euskararen bateratze maila ez egon behar beste garaturik. Haren hurrengo itzulpenak Maite Rungisek gaztelaniaz idatzitako ekonomia arloko bi testurenak izan ziren: Ekonomiako lehen pausoak, lehen partea eta Ekonomiako lehen pausoak, bigarren partea (Lur, 1974).
Aipagarriak dira, halaber, Pentsamenduaren Klasikoak bildumarako egindako itzulpenak: hala nola, David Humen An Enquiry concerning Human Understanding (Giza ezagutzari buruzko ikerketa, 1993), Lucrecioren De rerum natura (Gauzen izaeraz, 2001) eta Tazitoren Historias y Anales (Analak eta Historiak I eta Analak eta Historiak II, 2004). Bilduma berean, Erich Frommen Fear of Freedom liburuaren itzulpenaren ikuskatzailea izan zen (Askatasunetik iheska, 1993).
EIZIEren Senez aldizkarian argitaratutako mahai-inguru batean (2007), hausnarketa sakona egiten du euskal itzulpengintzaren jardunari buruz, eta batez ere jardun horrek dituen zailtasunak eta arazoak nabarmentzen ditu, zeinak ahozko literaturaren (bat-bateko bertsogintza) eta itzultzailea autoreari zein irakurleei fidela izateko beharraren arteko dikotomiaren ondorio baitira. Gainera, urritasuna sumatzen du euskararen itzulpenaren eta estilistikako joera batzuen egungo estiloan.
Gaur egun erretiratua badago ere, sorkuntza eta kultura lan handia egiten jarraitzen du.
Karlos del Olmo (DHTE atarian, Diccionario Histórico de la Traducción en España)
(Argazkia: Txalaparta)
Loturak
2021-03-17
liburuak |