Joanes Leizarraga Lermanda kalbindar artzain eta euskal idazle bat izan zen, Itun Berria euskaratu zuen lehena, Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria izenburuarekin.
Higanot bihurtu aurretik, segur aski apaiz katolikoa izan zen. 1567ko apirilaren 15ean egin zen artzain, Pauen (Okzitania), eta Nafarroa Behereko Bastida herrira igorririk, hil arte bizi izan zen bertan. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginak, kalbinismora bihurtu zelarik, bere gortean Elizaren erreformaren aldeko pentsalariei babesa eman zien eta protestantismoa erresumako lurraldeetan barna hedatu nahi izan zuen. Ideia erreformazaleen arabera, testu sakratuak herri xehearen hizkuntzan jarri behar ziren.
Leizarragak Itun Berriaren lehen euskal itzulpena gidatu zuen. Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria 1571n argitaratu zen. Hala, bada, erreginak euskarazko eta gaskoizko itzulpenak egiteko bitartekoak eta dirulaguntzak eman zituen. 1563ko martxoaren 14an egin zen Bearnoko protestanteen sinodo edo batzarrean, Leizarraga izendatu zuten euskarazko itzulpena egin zezan. Eredu moduan, Leizarragak Vulgata eta frantsesezko itzulpenak erabili zituen. Lau laguntzaile izan zituela dirudi, bera taldearen zuzendari izanik: Sanz Tartas (batzuen ustez, agian Joan Tartas idazlearen osaba-aitona zena), Piarres Landetxeberri eta Tardetz zuberotarrak eta Joanes Etxeberri lohizundarra, Petit Basque goitizenaz ezagun zena. Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria 1571ko irailean inprimatu zen, Arroxelan. Testamentu Berriaren itzulpenarekin batera, kristauak hezteko testu didaktikoak inprimatu ziren, orduko argitaratze protestanteetan ohikoa zenez.
Iturria: Wikipedia