honi buruz saioa hasi

 

Resurrección María Azkue Aberasturi

Lekeitio, 1864 / Bilbo, 1951




 

Hizkuntzalaria eta itzultzailea –euskaraz zein gaztelaniaz–, eta bere herriaren kulturaren ikertzaile nekaezina. Teologia ikasi zuen, Gasteizen eta Salamancan, eta 1888an apaiztu zen. Urte berean, lehen euskal katedra lortu zuen Bilboko institutuan, Sabino Aranarekin eta Miguel de Unamunorekin lehian. Momentu hartatik aurrera, hainbat esparrutan jardun zuen. Argitalpenei dagokienez, euskararen ortografia bat, euskara ikasteko metodoak eta gramatika garrantzitsu bat (Euskal Izkinudea, 1891) argitaratu zituen. Bestalde, Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak sortu zituen; euskal eskola bat sortu zuen Bilbon… 1904tik 1909ra Bilbotik kanpo ibili zen. Tours-en, Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegi hirueleduna argitaratu zuen, non dokumentu zaharrak eta, batez ere, informatzaile ugariren testigantzak jasotzen dituen. Urte horietan, musika ikasi zuen –musika zalea zen oso–, batez ere Bruselan eta Kolonian. Alemana perfekzionatu  nahi izan zuen, hizkuntza hori hartu baitzuen erreferentzia gisa euskal neologismoak sortzeko. Hala, bere artxiboan, Ortzuri (1991) eta Urlo (1914) operen pasarte luzeen bertsio elebidunak (euskara-gaztelania) eta hirueledunak (euskara-gaztelania-alemana) aurki ditzakegu. Bere bigarren operaren porrotaren ondorioz, hizkuntzalaritzan eta antolaketa-lanetan murgildu zen. 1918. urtean, oso modu aktiboan hartu zuen parte Eusko Ikaskuntzaren sorreran, eta, hurrengo urtean, Euskaltzaindiarenean, zeinaren lehendakari izan baitzen hil zen arte. Euskara bateratzeko eta estandar jasoa sortzeko lanak bultzatu zituen (Gipuzkera osotu, 1935). 1927an, RAEren kide izendatu zuten, euskararen ordezkari. Ikerketaren alorrean, hainbat lan nabarmentzen dira: Euskal Morfologia, Cancionero popular vasco eta, batez ere, Euskalerriaren Yakintza, euskal folklorearen testigantza erraldoia, zeinaren argitalpena 1935tik 1947ra luzatu baitzen. Azkuek artikulu ugari idatzi zituen, eta euskal narratibari ere bi ekarpen egin zizkion: Bein da betiko eta Ardi galdua.

Haren sorkuntza-lanen garrantziak itzultzaile jarduna itzalean utzi du. Nolanahi ere, Azkue izan zen lehena alemanetik euskarara zuzenean itzultzen: Schillerren Pozari lana itzuli zuen, eta Wagnerren Parsifal lanaren pasarte bat, 1914an. Itzulpen horiek Urlo operaren estreinaldiaren garaian sortu zituen. Pozari lana hiztegi txiki batekin eta itzulpenari buruzko ohar batzuekin batera argitaratu zen aldizkari batean. Erlijio-liburuak ere itzuli zituen: alemanetik euskarara Willibrord Menkeren Apaiz osteguna eta aurrak eta Apaiz osteguneko elizkizun ta otoitzak, eta alemanetik gaztelaniara M. Schmidtmayerren Jueves sacerdotal en el año eclesiástico. Azkuerena da, halaber, euskal letren klasiko baten gaztelaniazko bertsioa: Joan Antonio Mogelen Peru Abarka (Bilbao, Imprenta de Euskalzale, 1899). Haren itzulpenak oso ugariak ez badira ere, Azkue itzultzaile nekaezina izan zen –hitzaren adiera zabalenean– euskara esparru berrietara eraman eta beste hizkuntza batzuekin harremanetan jarri baitzuen.
 

 

Ibon Uribarri (PHTE atarian, Portal Histórico de la Traducción en España)

 

2021-03-17


liburuak
 
bestelako testuak

Pozari  Schiller, Friedrich (2005) [de > eu]

testu mota: Poesia
non argitaratua: Senez, 28 -

        testua on-line

Euskaleriaren yakintza : (literatura popular del País Vasco)  Azkue, Resurrección María (1935-1947) [eu > es]

testu mota: Hizkuntza eta literatura
jatorrizkoaren argitaratze urtea: 1935-1947
argitaletxea: Espasa-Calpe
argitaratze lekua: Madril
jatorrizkoaren herrialdea: Espainia
 
« atzera egin

PDF bihurtu