Juan Bizente Gallastegi durangarra, gertukoentzat Juanito eta Don Juan izenez ezaguna, Bilboko elizbarrutiko kidea da. 1958an abadetu zen eta hainbat herritan jardun du lanean. Iurretako parrokiako abade laguntzailea, Etxebarriko abade laguntzailea, Markina-Xemeingo Eskola Laboraleko zuzendariordea eta Elorrioko parrokoa izan da, besteak beste. Erretiroa hartu zuenetik Elorrion eta Atxondon jarraitzen du abade-zereginetan laguntzen.
Ekarpen handia egin die euskal letrei, batez ere Karmel aldizkarian. Euskarari, gizarteari edo elizari buruz idatzi du gehienbat, Karmel aldizkarian lehenik eta Anaitasuna, Zeruko Argia, Alkarren barri, Eraz eta Anboto aldizkarietan geroago. Horrez gain, Arrate Irratian “Oiztik Anbotora” asteroko irratsaioaren zuzendari izan da.
Liburuei dagokienez, sorkuntza-lan bakarra idatzi du: 2011n kaleratutako Tontorretik begira oroitzapen bilduma. Bestalde, itzulpengintzan lan handia egin du, batez ere helburu praktikoei eta bete beharreko hutsuneei begiratuz. Hona hemen berak dioena:
“Bi edo hiru liburutxu eta liburu bi be itzultzeko aukerea izan dot. Antzina, Kili-Kilik argitaratutako William Tell eta beste zerbait; gero, nagusien katekesirako, Hauxe hartu dogu Jesusengandik; Urkiolan Joseba I. Legarzak eginiko San Antonio. 8. mendeurrena. 1195-1995. Horreek hirurok, bizkaieraz”.
Euskara batuan ere idatzi ditu beste zenbait: Paloma Orozcok San Pablo argitaletxean umeentzat dotore egokitutako eta argitaratutako Biblia, eta, argitaletxe berean, Javier M. Suercunek idatzitako Me aburro en Misa, Aspertu egiten naiz Mezatan.
Gainera, eliz testuak euskarara ekartzen jardun zuen 60ko hamarkadan, elizbarruti arteko itzulpen-taldea sortu eta elizgizonak liturgia itzultzen hasi zirenean. EIZIEk ohorezko kide izendatu zuen 2002an itzulpengintzari eginiko ekarpenengatik, eta elkarte beraren Itzulpen Antologia III liburuan talde lanean itzulitako eliz testuak irakur daitezke.
Loturak
2014-08-26
liburuak |
Dante González Cremona, Juan Manuel (1988) [es > eu]
jatorrizkoaren titulua: [Dante Alighieri]
testu mota: Komikia argitaletxea: Kili-kili bilduma: Komiki-zale argitaratze lekua: Bilbo jatorrizkoaren herrialdea: Katalunia |