NOR da NOR

Jose Mari Aranalde

Gaztelu, 1933 / Donostia, 2005

EIZIEko ohorezko bazkide



Apaiza, poeta eta itzultzaile oparoa izan zen Jose Mari Aranalde. 1958. urtean egin zen apaiz. Aramako parroko lanetan aritu zen tarte batez, eta Añorgara bidali zuten gero. Filosofiako irakasle ere izan zen 29 urtez Donostiako Santo Tomas Lizeoan. Azkenik, berriro ekin zion 27 urtez alde batera utzita izandako parroko lanari.

 Bertsolaritzaren asko landu zuen. Bertso ugari idatzi zituen bizitzan zehar, eta bereak dira Xalbador pertsularia (1996), Bihotzak dion hura (1999), Bertso kontuak (1999) eta Xalbadorren barrua (2001) liburuak.

 Poesia ere landu zuen. 1971. urtean Lizardiren omenezko lehiaketan bigarren postua lortu zuen, bere osaba Orixeren atzetik. 1975. urtean Orixeren omenez egindakoan ere, bigarren geratu zen Gabriel Arestiren atzetik.

 Horretaz aparte, itzultzaile oparoa izan zen. Lorentzo Bereziartua gotzainak aginduta, Manuel Lekuona 1961ean hasi zen liturgia euskaratzeko batzordeak antolatzen, eta Aranaldek ere hogei bat urte egin zituen lan hartan. Taldeko gazteena zen, baina bai ausarta eta laguntzaile ona. Euskal sen berezia omen zuen latinezko esaldiak-eta itzultzeko. Erraz eta aise aurkitzen omen zituen itzulpen argiak egiteko ordezkorik erosoenak. Herri-Literatura batzordeko lagun eta lankide zuen Pello Esnalek honela laburbildu zuen haren ekarpena, Argian, 2005eko irailaren 28ko bere zutabean:

 Elizako testuen euskaratzaile izaki, han ari omen zinetan, talde-lanean, Gloria euskaratzen, latinezko «laudamus te, benedicimuste, gratias agimus tibi... » haien ordain egokia aurkitu ezinik, gogorregiak izan nonbait «goresten zaitugu, bedeintzatzen zaitugu, ahuspez agurtzen zaitugu, eskerrak ematen dizkizugu...». Eta, orduan, hik: «gora zu, bedeinkatua zu, gorespen zuri, ahuspez agur, eskerrak zuri...». Itzulpen biribilagorik!

 Beste itzulpen asko ere egin zuen, baina askotan itzultzailearen izenik jarri gabe eman ziren argitara. Hala ere, Etor argitaletxeak aspaldi plazaratu zuen Margo Ederdun Enziklopedian argitaratutako Hegaztien mundua eta Tintin Ameriketan komikia (1970) aipatzeko modukoak dira.

 

Loturak

 

 

2014-08-26

« atzera egin

PDF bihurtu