NOR da NOR
|                                             || zerrenda

Iñaki Zubizarreta Mujika

Azpeitia, 1947 / Azpeitia, 2021




EIZEko lehendakaria izan zen 1990tik 1991ra.

1958an komentuan sartu eta Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen. 1969an utzi zuen komentua. Kultura idatzi oparoz jantzia: grekoa, latina, Erdi Arokoa, Berpizkundekoa, barrokoa, neoklasikoa, erromantikoa, modernoa eta postmodernoa. Linguistika Erromanikoan lizentziatu zen EUTGn (1970-1975).

Gazterik hasi zen idazten eta itzultzen: 1973an, Irun Hiria saria irabazi zuen Ja zaharra ja zaharraren semea, jo eta ni ipuinarekin, Pako Sagarzazurekin elkarlanean idatzia; 1974an ere finalista geratu zen sariketa berean, poesia atalean, Heriotzaren eta bizitzaren mugetako ene hitzak obrarekin. Beste lan batzuk ere landu zituen P. Sagarzazurekin, itzultzaile gisa. Biografiagile izan da; 2007an, Bidegileak bilduman, Manuel Lasarte Arribillagaren biografia idatzi zuen, eta 2008an, Manuel Lasarte: Iturria ondare argitaratu zuen, bertsolariarekin izandako elkarrizketa sakon-luzeen fruitua.

Ilazki euskaltegiaren sorreran ere parte hartu zuen, Iñaki Hernandez eta Arantxa Albizurekin batera, 1976. urtean. Garai hartan, euskaltegiek astean bitan eskaini ohi zituzten eskolak. Hernandezek, Albizuk eta Zubizarretak eguneroko eskolak behar zirela-eta, Ilazki euskaltegia ireki zuten, eta oraindik orain arrakastatsu dihardu bere eginkizunean.

Zubizarreta Donostiako Herri Irratian esatari ibili zen (1970-1983), eta hainbat irratsaio sortu eta aurkeztu zituen. Esate baterako, astean behingo Euskal literatura ezagutuz saioan, garai hartan argitaratu gabeko euskal literatur obrak irakurri zituen, Etxeparetik hasita; horretarako, Gipuzkoako Diputazioko liburutegira joan eta eskuz kopiatu ohi zituen irratian irakurriko zituen kapituluak. Beste saio batzuk ere gidatu zituen: Euskal kultura ezagutuz, astean behin; eguerdiro, euskal musikari buruzko saioa egiten zuen, eta euskal musikari eta kantariez mintzatu ohi zen; haur saio bat ere egin zuen, ikastoletara joan, haurren ahotsak grabatu eta haiekin osatzen zituen saioak; euskara ikasteko 5 minutuko saioak ere atondu zituen, egunean zehar ematen zirenak… Oro har, beraz, euskara eta euskal kulturako saioak zuzendu ohi zituen.

Irratia utzi ondoren, Euskal Telebista sortu baino lehen antolatu zen Irrati-Telebista Eskolatik eratu zen FIBIZE zerbitzu etxean ikastaroak eman zituen: jendeari mikrofono aurrean hitz egiten eta irakurtzen erakusten ibili zen Iñaki Zubizarreta. Segidan, Eresoinka, Irusoin eta Mixer bikoizketa etxeetako hizkuntza arduradun eta zuzentzailea izan zen (1983-2011). Ikus-entzunezkoetako itzultzaile eta egokitzaile andanaren begiralea izan da Euskal Telebistarako aritu denean enpresa horietan, eta aholkuemaile fina bikoizketarako euskararen nolakoan. Hainbat artikulu argitaratu ditu euskarazko prentsan eta aldizkarietan: 1969an hasi zen Zeruko Argia aldizkarian artikuluak idazten, eta jarraitu du beste agerkariotan: Argia, Euskaldunon Egunkaria, Jakin (“Kanta Berria bidegurutzean”, 1977; “Telebista eta bikoizketa”, 1997), Senez (“Euskara ikasten”, 1993; “Euskarazko bikoizketa”, 2008 ), Berria, El País…

2017-11-23


liburuak
 

Jon Txikiren abenturak  Sagarzazu, Pako (1998) [es - eu]

testu mota: Haur eta gazte literatura
argitaletxea: Elkar
bilduma: Miru
argitaratze lekua: Donostia

Aldaketen hiria  Sagarzazu, Pako (1988) [es - eu]

testu mota: Haur eta gazte literatura
argitaletxea: Elkar
argitaratze lekua: Donostia
jatorrizkoaren herrialdea: Euskal Herria

Azkar  Sagarzazu, Pako (1987) [es - eu]

testu mota: Haur eta gazte literatura
argitaletxea: Elkar
argitaratze lekua: Donostia
jatorrizkoaren herrialdea: Euskal Herria

Etxe bat noraezean  Ballaz Zabalza, Jesús (1986) [es - eu]

jatorrizkoaren titulua: Una casa a la deriva
testu mota: Haur eta gazte literatura
argitaletxea: Elkar
bilduma: Itzul
argitaratze lekua: Donostia
jatorrizkoaren herrialdea: Espainia

Jon Txikiren abenturak  Sagarzazu, Pako (1985) [es - eu]

testu mota: Haur eta gazte literatura
argitaletxea: Elkar
bilduma: Perkax
argitaratze lekua: Donostia
 
« atzera egin

PDF bihurtu