NOR da NOR

Bizenta Mogel Elgezabal

Azkoitia, 1782 / Abando, 1854




Euskal idazle eta itzultzailea. Oso txikia zela, Markinara joan zen bizitzera, eta horregatik da Markinako Eskola deitutakoaren parte, beraren osaba J.A. Mogel bezala. Lehen emakume euskaldun idazletzat hartzen da, garai hartan emakumeek artean ere eskolak jasotzeko baimenik ez zuten arren, eta txikitatik erakutsi zuen irakurtzeko zaletasun handia. Ipuin herrikoiak eta alegia klasikoak zituen gustuko. 22 urterekin, Ipui onac (1804) argitaratu zuen, non Esoporen berrogeita hamar fabula latinetik gipuzkerara euskaratu zituen. Itzulpenetarako, gipuzkera hartu zuen eredu, baina nabarmenak dira bizkaieraren ukituak ere. Liburuaren argitalpena bultzagarria suertatu zen; izan ere, liburuak, helburu didaktiko eta morala bazuen ere, euskarazko haur eta gazte literaturaren oinarriak ezarri zituen, eta aurrerapena ere bai literaturari dagokionez, nahiz eta artean ekarpen estetiko argirik ez izan. Alegiaren loraldiaren sorrera ere ekarri zuen berekin. Itzulpen ereduari dagokionez, haren sintaxia kritikatua izan da, erdarek kutsaturik omen dagoelako aditu batzuen aburuz. Hala ere, liburuak arrakasta handia izan zuen, eta gerora hainbat edizio izan ditu.

Itzultzeaz gain, gabon-kantak, bertsoak eta poemak ere idazten zituen. Mogelengana jo zuen, besteak beste, Ulibarri idazleak, beraren idatziak berrikusi eta zuzen zitzan inprentara eraman baino lehen.  Haren zeregina behar bezala ulertzeko, kontuan hartu behar da Erdi Aroaren amaieran hileta-kantu eta bertsoak abesten zirela beiletan, eta horietako asko emakumeek idatziak zirela, hala nola Sancha Ochoa de Ozetak, Milia Lasturkok eta Sancha Ortizek. Mogelen beste itzulpen bat, zeina «Traducida del romance al bascuence, por doña Vicenta de Moguel» legendarekin argitaratu baitzuten, Luis de Borbon Toledoko kardinalaren gutun batena izan zen (1820), eta horrek adierazten du gizonek menderatutako literatur mundu hartan ospe handia izan zuela azkoitiar idazle eta itzultzaileak.

 

Karlos del Olmo (PHTE atarian, Portal Histórico de la Traducción en España)

 

Loturak

- Wikipedia

- Bilbaopedia

- Auñamendi Eusko Entziklopedia

 

2021-03-17


liburuak
 

Ipui onac : ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte guziac [e]racaste ederrac beren v[i]citza zucentzeko / ematen ditu euscaraz arguitara ume eta necazarientzat...  Esopo (1880) [la - eu]

testu mota: Narratiba
argitaletxea: Establecimiento Tipo-Litográfico de Beti-Bat
argitaratze lekua: Bilbo
beste itzultzailea(k):

Ipui onac : ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte guziac [e]racaste ederrac beren v[i]citza zucentzeko ematen ditu euscaraz arguitara ume eta necazarientzat...  Esopo (1804) [la - eu]

testu mota: Narratiba
argitaletxea: Antonio Undiano
argitaratze lekua: Donostia
beste itzultzailea(k):
 
« atzera egin

PDF bihurtu